sábado, 23 de agosto de 2008

Lehen Bidaia/Primer Viaje - Indonesia,Malaysia (3)


Ia Indonesia guztian jendearen diosalak ni errepidetik pasatzen ikustean gauza arrunta izan badira ere, Sumatrarrek marka guztiak hautsi dituzte kirol horretan. Irla guztian zehar agurrak ozen edo garrasika etortzen zitzaizkidan, ia etenik gabe, alde guztietatik. "Good morning!!", What's your name??", "Thank you!!", "How are you??" ...inglesez hitz edo esaldi bat zekienak gogotsu eta bat ere lotsarik gabe botako zuen. Inoiz, oso aldi bakanetan, "I love you" (maite zaitut) entzun izan dut. Eta oreka gordetzea jakinduria omen denez, inoiz, oso aldi bakanetan hau ere, "Fuck you,sir!" (zoaz pikutara, jauna!) bat edo beste heldu zait belarrietara.
Sumatra ere Indonesiako hiru uharte hauetan pobreena iruditu zait (natur baliabideetan -petroleoa eta gas naturala batez ere- oso aberatsa izan arren). Herrietan gizon taldeak lanik eta zereginik gabe egonean ikustea gauza arrunta zen. Askok 1997ko Asiako krisia aipatzen dute. Urte horretatik aurrera indonesiar askoren bizi baldintzek okerrera egin dute eta badirudi krisi horrek kalte sakonagoak eragin dituela Indonesian bere inguruko nazioetan baino.

Maiatzaren 10ean Melakako itsasartea gurutzatu eta Malaysiako Georgetown hirira heldu nintzen. Britainarrek Malaysian eraiki zuten lehen hiria izan zen hau eta, gaur egun, toki polita eta atsegina da, eraikin kolonialez, arkupez, antigualeko etxez eta tenpluz ondo hornitua. Bere kaleetan musulman, txinatar eta hindu kulturak nahasten dira eta erdialde historikotik kanpo itxura modernoko eraikin berri ugariek eta etxe orratzek Malaysiako beste aurpegia erakusten dute, azken hamarkadetan garapen ekonomiko azkarraren bidean sartutako herrialdearena, alegia.
Hiriburuak, Kuala Lumpurrek, kontraste hori bera ageri du: txinatar auzoko kale zaharrek etengabeko salerosketan bizi den inurritegi koloretsu bat dirudite; ez oso urruti mezkita dotoreak eta eraikin kolonialak daude, eta haruntzagoko hiribide zabaletan shopping center garestiek eta etxe orratz handinahiek (munduko dorre bikirik altuenak hemen daude)diruaren distira eta gosea erakusten dute. Hilabete pare bat lehenago ez nukeen jakingo esaten munduko zein bazterretan zegoen Kuala Lumpur izeneko hiri hau. Harrigarria zait, horregatik, bere itxura moderno eta aberatsa bat-batean ikustea. Eta, nahiz eta nik pazientzia handirik eduki ez holako tokiekin, ezin esan hiri zatar-zatarra denik.
Malaysia, Singapurrekin batera, Asiako hego-ekialdeko naziorik aberatsena omen da. Jende askori galdetu diot eta erantzuna antzekoa izan da beti: "Ekonomia egonkorra da.Gauzak ez daude bere onenean baina bizimodua ateratzea badago". Indonesiatik etorrita hori entzutea ez da gutxi.

Georgetownetik mendebaldeko kostan behera egin nuen Singapurreraino, eta gero hortik gora, ekialdeko kostan zehar, Thailandiako mugaraino. Guztira 5 aste eta ia 2000 km.. Orokorrean, paisaiak ez dira oso ikusgarriak bi kostalde hauetan eta olio-palmondoen sail amaigabeen artetik ibili nintzen sarritan. Thailandiarekin muga egiten duen eskualdeko kosta politagoa da. Malaysiak daukan onena, ordea, bere jendea da eta arrazen eta kulturen gurutzaketak sortzen duen kolorea ere. Erlijio musulmana estatuko erlijioa da, baina propaganda ofizialak txinatarren eta indiarren erlijio eta ohiturekiko errespetua aldarrikatzen du eta ,izan ere, badirudi arazo handirik gabe bizi direla elkarrekin talde hauek Malaysian gaur egun.

Malaysian erraz eta eroso bidaiatzen da, eta ni han oso gustora sentitu nintzen, gehiegizko arreta neureganatu gabe eta, aldi berean, ondo hartua. Singapurrera sartu-atera azkar bat egin nuen. Irla txiki, aberats eta garbi honek denetarik saltzen duen supermerkatu handi bat dirudi, eta erosketak maite ez dituenak ez du, ziurrenera, zeregin handirik aurkituko han. Eta ekainaren 17an Thailandiako muga zeharkatu nuen eta, Allah-ren babesa utzita, Budaren lurraldeetan barneratu nintzen. (2002ko iraila)

No hay comentarios: